irratia

Hogeita bat urteko irrati heldua

Euskalerria Irratiak 1988ko azaroaren zazpian zabaldu zuen bere lehen saioa. Iruñerriko irratietan doi-doi adi zitekeen orduan euskarazko saio zatiren bat edo beste. Oso gutxi. Gabezia larri horri konponbidea eman nahi izan zion euskaldun eta euskaltzale talde batek. Beste ezer baino lehenago, elkarte bat sortu zuen, Iruñeko Komunikabideak izenarekin. Elkargoa eratu eta handik gutxira, idazki bat aurkeztu zuten Nafarroako Diputazioan, euskarazko irrati bat antolatzeko baimena eskatuz.

1985a zen. Proiektuaren ezaugarriak definitu ziren. Euskara hutsezkoa, independentea, profesionala, zerbitzu emailea, Iruñerriko euskaldunekin batera euskararen ezagutza eta erabilpena bultzatzera konprometitua… Zehaztapen horiekin batera, instalazio teknikoak prestatu ziren. 1988ko udazkenean prest geunden hasteko. Hasi ginen. Geroztik isildu gabe ari gara, beti Iruñean, FMko 91.4an.

Hasieratik, bazkideak oinarri eta kolaboratzaileak lagun

Iruñerriko gizarteak irratiaren egitasmoan partaide izan behar zuela-eta, hiri honetako eta inguruko kultur elkargo anitzek babesa eta laguntza adierazi zioten. Tartean, Iruñeko peñak. Euskalerria Irratia Elkartea sortu zen orduan, partehartze soziala eta sostengu ekonomikoa bideratzeko. Elkarteko bazkideak bihurtu ziren irratiaren eustarri nagusi. Hasieran, sostengu bakar, gerora bestelako diru-sarrerak jorraturik ere, guztiz makulu garrantzitsuak dira orain ere Euskalerria-Irrati-gintza bermatzeko.

Irratiak, hasiera garaietako badaezpadako egoera gaindituz, urtetik urtera, entzule, iragarle, laguntzaile, bazkide talde mardula bereganatu du. Egun, errealitate sendoa da: hamabi kideko lantalde profesionalak gidatzen du irratia. Informazioa eta entretenimendua eskaintzen du eta, batez ere, harremanetarako gunea, Iru?errian bizi diren euskaldunentzako bilgunea da. Gero eta gehiago dira euren mezu komertzialak hedatzeko geure irratia hautatzen dutenak. Laguntzaile aunitzek, kolaboratzaile leial eta eskuzabalek hornitzen eta aberasten dute Iru?aldeko unibertso komunikatiboa Euskalerria Irratiaren bidez.

Iruñerriko programaziorik zabalena

Irrati lokala da Euskalerria Irratia. Iruñerriari lotua, bertan sustraitua. Arreta egiten dio gertuko errealitateari, bertako jendearen bizimoduari, poz eta nahigabeei, hauen proposamen eta ekimenei. Horregatik, inork baino hurbileko programazio gehiago eskaintzen du.

Astean berrogei ordu baino gehiagoko emankizun lokalak. Informazio saioak goiz, bazkalaurre eta bazkalondoren. Goizeko magazina Karrikoluzio da. Bi ordukoa. Arratsaldekoa, Arratsalde.on. Bi ordu honek ere. Arrats beranduan , musika saioak. Asteburuko programazioan, Asteroidea, astean zehar adituriko pasarte hautatuen bilduma, eta Osasunaren futbol partiden kontakizunak gure irrati honen nortasun bereizgarria erakusle dira.

Geure emankizun lokalak hedatzen ez dugunetan, Euskadi Irratiaren programazioa hedatzen dugu Iruñerrian F.M.91.4an.

Profesional, herrikoi, independente

Finean, heldutasunera iritsi den 21 urteko irratia da gurea. Hainbat traba pairatu duena. Hainbat sostengu jaso duena. Profesionala. Herrikoia. Independentea. Bizia.

Euskalerria Irratia irrati euskalduna da, bere buruaren jabea eta bizia bezain irekia.

Gurea Iruñerrian erroturiko irrati euskalduna da. Euskararen erabilera funtzional eta publikoa egin eta eragiten duena, euskara komunikaziorako tresna baliotsua dela egunez egun frogatzen duena.

Geu gara geure buruaren jabe. Iruñerriko euskaldun jendeak sortua eta kudeatua da Euskalerria Irratia. Edonolako Erakunde Ofizialen edo talde politiko eta ekonomikoren menpetasunik eta morrontzarik gabea.

Irrati bizia bezain irekia. Partehartzailea, auzolanean egina, ehundik gora kolaboratzaileren ahots, ekarpen eta iritziak aireratzen dituena.