web analytics

Historia

Euskalerria Irratiaren  lehendabiziko emanaldia, 1988an zabaldu genuen, orain gauden tokitik, Donibane auzoko irrintzi Dorre gainetik. Zehazki, 1988ko azaroaren zazpian. Geroztik etenik gabe jardunean  ari gara. Horrek esan nahi du aurtengo udazkenean, geure 25. denporaldian sartuko garela. 2012-13koa Euskalerria Irratiak 25. denboraldia izanen du. Baietz 25.a legeztaturik ospatu! Horixe desioa eta desafioa.

Kronologian, aurreneko urratsa, 1984an egina da. Orduan eratu zen Iruñeko Komunikabideak sozietatea. Hiri honetako eta inguruko euskal jendeari komunikazio zerbitzua eskaintzeko asmoz. Lehendabiziko ekinaldia, garai hartan hasi berri samarra zen Euskadi Irratia Iruñea aldean entzuteko modua eskaintzea izan zen .Ez baitzen aditzen. Lehen urrats horrekin inkomunikazioa hautsi zen,  etxe teilatu batean antena bat jarriz.

Ez  zen aski.  Hemengo jendeak entzule huts ez, hartzaile izateaz gainera, egile, hizlari, solaskide izan behar zuen. Iruñerriko euskaldunak elkarren arteko harremanetan  jartzeko, hemengo euskal jendearen zerbitzuko komunikazioa gauzatzeko tokiko irratia, proximitatekoa antolatu zen: Euskalerria Irratia.

Elkartearen sorrera

Irratian partizipazio soziala izateko bidea, irratiari sostengu ekonomikoa emateko antolamendua, Euskalerria Irratia Elkartea sortu zuten asmoaren bultzatzaile eta adiskideek.

Hasieratik  zehaztu zen nolakoa behar zuen: euskaraz eta ez bestez, profesionala,  euskaldun guztiei zerbtzua egitekoa,. Eta legezkoa. Hasieratik sentitu dugu legezko baimenez jarduteko gogoa eta beharra. Zalantzan ibili ginen, hasi aurretik baimenaren  zain gelditu behar ote genuen, ala itxoiten egon gabe  hasi. Abiatzea erabaki genuen  aprobetan  abiatu,  pentsatuz luzagebe etorriko zela emititzeko baimena.

Ez da iritsi baimen hori, hamaika bider, konkurtso eta errekurtso bidez, saiatu garen  arren. Itritsi dena,  egunez egun, urtez urte, ordutik hona euskarazko irrati zerbitzuaren  eskaintza: zer gerta huraxe konta, informazioa, entretenimendua, harremana, konpinia, gertatua eta gertakizuna komunikazioa eskainiz, Iruñerriko euskaldunon komunitateari bizimodua atseginxeago egiteko laguntasuna. Duela ia 25 urtetik, FMko 91.4an, eta azken urteotan baita  euskalerriairratia.com webgunean ere.