web analytics

Uxue Barkos: “Minbizia askotan sendatzen da”

Uxue Barkos, Metropoli Foraleko bigarren zabalgunean hazi eta hezitako iruindarra. Geroa Bai koalizioko diputatua Madrilen eta Nafarroa Bai taldeko zinegotzia Iruñeko udalean.

“Contra viento y marea” liburua plazaratu du berriki. Bularreko minbizia zeukala jakin zuenetik, urtebete geroago Espainiako Kongresura itzuli zen arteko bizipenak biltzen dira lan honetan. “Nire barruan dudan kazetariak idatzi du liburua, 2011.urteko kronika biltzen da bertan, nire eguneroko bizitza kontatu dut, minbiziarekin izaniko harremana”.

Medikuak minbizia zuela esan zionean kolpe gogorra hartu zuela aitortu digu Uxue Barkosek. “Ezin izan nion negarrari eutsi baina une horretan bertan medikuak esan zidan gaixotasun hau sendatzen dela eta terapiarik hoberena izan dira hitz horiek, buruan izan ditut etengabe”.

Hasierako hilabete gogorrak

Hasierako hilabete horiek ez ziren xamurrak izan, kimioterapiaren ondorioak latzak baitira. “Oso ahul gelditzen zara, nekaturik zaude, ilea galtzen duzu baina ingurukoen laguntzari esker aurrera ateratzen zara”, hala nabarmendu digu Geroa Baiko diputatuak.

Bularreko minbizia duten beste hainbat emakume ausart ezagutu dituela aipatu digu. “Haien indarrak eta kemenak asko lagundu dit, eredugarriak izan dira niretzat”. Duela bi urte bizitako esperientzia pertsonala ez ezik, Uxue Barkosek liburuan orduko egoera politikoa ere gogoratu nahi izan du: “Bi hauteskunde deialdi izan ziren 2011an, udalekoak eta Kongresukoak, lan gogorra egin zuten alderdikideek eta emaitza onak lortu genituen. Urte politiko oso garrantzitsua izan zen.

Euskalerria Irratia, Txantreako Bernart Etxepare ikastetxetik zuzen-zuzenean

Euskalerria Irratiak irratsaio berezia eginen du bihar, hilak 16, Txantreako Bernart Etxepare ikastetxean, Sortzen Jaiaren karietara. Ikasleak, irakasleak, gurasoak, trikitrilariak, kantariak, Txantxu-dantza, bertsolariak, Ane Pirata, Ikertxo,Txantxu… Denak pasako dira Euskalerria Irratiaren mikrofonoetatik. 9:00tatik 11:00 bitarte eginen da zuzeneko saioa, eta 16:00etatik aurrera errepikaturik entzun ahal izanen da. Bi orduko magazin hau Reyes Ilintxetak eta Pello Argiñarenak zuzenduko dute.

Euskal eskola publikoaren aldeko festa igandean egitekoa da, hilaren “Haize berritu, auzo eta lan” goiburuarekin, Iruñeko Takonera parkean. Haatik, meteorologoek euri zaparrada handiak iragarri dituzte eta ikusteko dago jaia egiterik egonen den ala ez. Gogoratzekoa da euriak 2012ko Sortzen Jaia zeharo zapuztu zuela.

Internetez ikusgai

Saioa bi aldiz izanen da entzungai FMko 91.4an: zuzenean eta 16:00etan. Halaber, saioa zuzenean ikusi ahal izanen da streaming bidez euskalerriairratia.com, gurejaia.info eta noticiasdenavarra.com webguneetan. Zuzenekoa amaitu eta gero, 16:00ak aldera, saioaren bideoa ikusgai izanen da euskalerriairratia.com eta gurejaia.info webguneetan. Lerrooi atxikitako irudian, aurtengo Sortzen Festaren maskota, Txantxu, antena eta guzti, baiharko saiorako prest.

Irizar, Otamendi eta Iriarte, euskal komunikabideen etorkizunari so

Maiatzaren 13an, astelehenarekin, 20:00etan, mahai-ingurua Iruñeko Auzolan liburu-dendan

Mahai-inguruaren izenburua: ‘Euskal komunikabideak: nola zaindu maite duzun hori?’. Mahaikideak, euskal kazetaritzako erreferentziazko hiru lagun: ETBko kazetari Maddalen Iriarte, Berriako zuzendari Martxelo Otamendi, eta Tokikomeko buru Mikel Iriizar. Mahaiaren gainean, hainbat galdera: nola zaindu maite dituzun euskal komunikabide horiek? Nola egokitu, garatu, indartu euskal hedabideak paradigma zein ekonomia krisi garaiotan? Nola egokitu iraultza teknologikora? Komunikabide txikiek gaindi al dezakete krisi ekonomiko handi hau? Zein esparru komunikatibo behar du euskal hiztun komunitateak? Zein rol jokatu behar dute hedabide nazionalek? Zein paper jokatu behar dute tokiko komunikabideek? Elkarlana posible al da hedabide publikoen eta herri ekimenekoen artean? Zein da komunikabide publikoen etorkizuna murrizketa garaiotan? Zein eredu behar du ETBk? Twitter killed paper star?…

Mahai-ingurua Auzolan liburu-dendan eginen dute, maiatzaren 13an, astelehenarekin, 20:00etan. Bertatik bertara gozatu ahal izanen da, baita irratiz eta streaming-ez ere, FM-ko91.4-an eta euskalerriairratia.com webgunean.

Elkarrizketak Auzolan-e(a)n solasaldi sorta Euskalerria Irratia eta Auzolan liburu-denda elkarlanean antolatzen ari dira, Iruñeko hedabidearen 25. urteurrenaren harira. Streaming-ak Eguzki Bideoak taldea egiten ari da. Lehenean, Kirmen Uriberekin bere Mussche eleberria aurre-estreinatu zuten. Bigarrenean, Sabino Cuadra eta Uxue Barkos diputatuekin UPNren osteko Nafarroaz aritu ziren (zientzia fikzioaz?). Lerroon azpian, mahai-ingurua iragartzeko kartela. Zergatik ageri diren horretan hiru aulki? Bada, Kirmen Uriberi egindako elkarrizketa iragartzeko bi besaulki erabili zituen irratiak, ordu beteko solasaldi lasaia izanen zela nabarmentzeko. Kasu honetan, etorri handiko hiru lagunekin ordu beteko solasaldi bizia izanen da, eta bizitasun hori irudikatzeko, aulki ez horren erosoak erabili ditu.

Argazkiak: Argia eta Maddalen Iriarte.

Jose Angel Irigarai: “Oteiza izan zen artista jeniala ez da Nafarroako Gobernuaren gustukoa”

Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia 2003). Eskultore, poeta, pentsalari, arkitekto kultur eragile. Hamar urte betetzen dira gaur artista gipuzkoarra hil zela. Jose Angel Irigarai, Oteiza Fundazioko patronatoko kideak artista gipuzkoarraren ibilbide bitalaz, haren izateko maneraz eta lan artistikoaz hainbat azalpen eman dizkigu Metrópoli Foralean.

Irigarairen ustez, “Oteiza, artista poliedriko, global eta jeniala izan zen. Nortasun handiko gizona eta formazio oso zabaleko artista”. Artearen dimentsio dekoratibo eta estetiko hutsak ez zuen erakartzen Oteiza. Jose Angel Irigaraik honela dio: ”Artea, herria eta gizartea aldatzeko tresna zuen. Hemengo egoera kulturalak, politikoak eta sozialak biziki kezkatzen zuen.” Artistaren ezinegona, bakardadea, barruan sentitzen zuen hutsa bere arte lanetan hutsaren bidez  hain zuzen ere adierazi zituela nabarmendu digu Irigaraik. Oteiza fundazioko Patronatoko kidearen ustez, azken hamar urteotan “UPNko ordezkariek ez dute onartu Oteizak bere lana Nafarroan utzi izana, ez dute bere ondarea kudeatzen jakin”

Argazkia: Pamiela

Lizentzia ukatzeko Gobernuak ilegaltasun bat asmatu duela salatu du Euskalerria Irratiak Parlamentuan

Talde parlamentario gehienek babesa eman diote irrati iruindarrari

Nafarroako Gobernuari azken irrati lizentzien banaketa zuzendu dezala eskatu dio Iruñeko Komunikabideak elkargoko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan. Salaketa auzitegietara eta Europako erakundeetara eramanen duela iragarri du Mikel Bujandak gaur goizean Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordean egin duen agerraldian.

Balorazio Mahaiak baztertu egin zuen Iruñeko proiektuaren atal bat, “Kanpoan eginiko  programazioaren zatia”. Erabaki baztertzaile hori baino baino lehen,   puntuazioan lehena zihoan Iruñeko Euskalerria Irratia. Une horretan ustezko  ilegaltasun bat asmatu zuten, horren bidez Euskalerria Irratia emititzeko lizentziarik gabe utzi ahal izateko, behin berriro. [Gehiago irakurri...]

Mikel Taberna: “70eko hamarkadako gizartea eta pertsonaiak margotu nahi izan ditut koadro batean”

Mikel Tabernak bere azken eleberria aurkeztu digu Arratsalde.on saioan: Alkasoroko benta. Susa argitaletxeak karrikaratu du Alkaiagakoaren lan berria. Fikzioa ala autobiografia ote den galdetu diogularik, erantzun digu 70eko hamarkadako gizartea eta pertsonaiak margotu nahi izan dituela koadro batean, eta horretan bere bizipen pertsonalak txertatu dituela.

Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro. Denetik saltzen da hango bentan, eskuinean baitauka denda eta ezker aldean taberna; beraz, handik igarotzen dira biztanle guztiak, oraitxe ez bada geroago. Bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, 50eko hamarkada amaieran jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua.

Liburua bihar (osteguna, hilak 21) aurkeztuko dute, ilunabarreko 20:00etan, Iruñeko  Zaldiko Maldiko Elkartean, Antsoleaga karrikan. Ekitaldia Susa argitaletxeak eta Zaldiko-Maldiko elkarteak elkarlanean antolatu dute. Tabernak liburua aurkeztuko du, Patxi Muruzabal kantariaren emanaldia ere izanen da, baita otamen txikia ere.

Korrika Iruñerrian, saio berezia Euskalerria Irratian

Arratsaldeko lauetatik seietara, gure lan talde osoa korrika ariko da gaur, AEK-k antoltauriko euskararen aldeko lasterketa Iruñerrian dugula eta. Zuzeneko konexioak, ibilbideari buruzko xehetasunak, egitarauaren inguruko zehaztapenak, elkarrizketak, lekukotzak… Horiek guztiak eta gehiago bildu ahal izateko, bi moto izanen ditugu errepidean, zenbait kolaboratzaile antolatzaileen furgonetetan, hainbat korrikalari lasterketaren barruan, bi esatari estudioan, bi teknikari kontrol mahaian.. Nolanahi ere, gaurko saio bereziaz haratago, egunero emanen dugu Korrikaren berri Metropoli Forala eta Arratsalde.on saioetan. Atzo jada zuzeneko konexioa egin genuen Korrikaren hasierarekin. Eman euskara elkarri. Eman irratia elkarri.

Argazkia: Argia

Euskalerria Irratiaren lizentzia, Nafarroako Jauregian ‘tatuaturik’

Gizarteak Euskalerria Irratiari ematen dion baimena, Nafarroako Jauregiaren, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrealdean tatuaturik. Horixe ikusi zuten atzo gure irratiaren aldeko elkarretaratzera hurbildu zirenek. Hori eta euria. Euria barra-barra. Euria goian-behean. Eurite tropikala. Eurite biblikoa.

Bertaratu ziren 400 lagunak irratiaren alde busti ziren zentzu literal zein figuratuan. Laurehun lagun hitzaren bi adieretan. Lagun, pertsona, herritar. Gizartearen ordezkaritza zabal eta askotarikoa elkartu zen Carlos III.aren etorbidean. Eta lagun, kide, sostengu emaile. Atzo erauntsiaren azpian ordu erdi emateko irratiaren lagun min izan behar, ezinbestean.

Errealitatea onar dezatela

La Hormiga Atomicako Nerea Fillat eta Comptos Ganberako presidente ohi Patxi Tuñon mintzatu ziren lagun horien guztien izenean. “Eskaera soil eta zehatza” egin zioten Nafarroako Gobernuari: “behingoz onar dezala gizarteak aspaldidanik errealitate bilakatu duena, behingoz aitor diezaiola Euskalerria Irratiari irrati zerbitzu euskaldun, independente eta profesionala eskaintzeko eskubidea”.

Karrikiri elkarteko Silvia Alonso irratia sortu zenetik da gure laguna. Hasieratik sostengatu du gure proiektua. Egunero irratiarekin esnatzen da Alonso. Eta eguneko lehen hitza Euskalerria Irratiaren bitartez euskaraz entzutea maite duela azaldu zigun. [Gehiago irakurri...]

Babes zabal eta askotarikoa

Hainbat herritar eta kultur munduko, euskalgintzako, gizarte mugimenduetako, sindikalgintzako zein politikako hainbat ordezkarik parte hartu dute gaur Euskalerria Irratiaren aldeko elkarretaratzean. Nafarroako Gobernuari eskaera zuzena egin diote: behingoz Euskalerria Irratiari aitor diezaiola bere lana egiteko eskubidea, hau da, Iruñerrian irrati zerbitzu euskaldun, independente eta profesionala eskaintzekoa.

Ilunabarreko 20:00etan hasi da protestaldia, Nafarroako Jauregiaren aitzinean. Han ziren hainbat herritar ugari eta hainbat pertsona ezagun. Hiru komunikabide zuzendari: Martxelo Otamendi (Berria), Xabier Letona (Argia) eta Joseba Santamaria (Diario de Noticias). Bi diputatu: Sabino Cuadra (Amaiur) eta Uxue Barkos (Geroa Bai). Bi alkate. Kirio Gastearena (Atarrabia) eta Unai Lako (Agoitz). Hainbat zinegotzi, tartean, PSNko Jorge Mori. Euskaltzaindiako Andres Iñigo. Kultur munduko hainbat lagun: Aingeru Epaltza, Casti Suarez, Angel Erro… Sindikatu ia guztietako kideak. Alderdi gehienetako ordezkariak…. (beherago, zerrenda osoa). [Gehiago irakurri...]

Alberto Barandiaran: “Euskal komunikabideek garai berriei aurre egiteko eredu propioa asmatu behar dute”

“Euskal komunikabideek ezin dute Madrilera, Parisera edo New Yorkera begira egon, han asmatzen dituzten ereduen zain. Eredu propioak sortu behar dituzte garai berriei aurre egin ahal izateko, gure unibertsoak oso ezaugarri bereziak dituelako”. Hala uste du Alberto Barandiaranek, Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen (Hekimen) zuzendari berriak. Eskarmentu handiko kazetaria da Barandiaran, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egindakoa. Beste hainbat hedabidetan kolaboratu du. Eta idazle zein dokumental zuzendari lanak ere egin ditu. Sormen lanetan aritu izan da beti, baina ilusioz ekiten dio bere bizitza profesionalaren aro berri honi: “Azken bi urteetan oso lan polita egin da gure komunikabideak berritzeari doakionez. Euskal komunikabideek oso argi dute komunitatearentzat estrategikoak direla, eta oso berritze prozesu interesgarrian daude”. Euskaldunon Egunkariaren itxieraz ere mintzatu zaigu Barandiaran, bera berripaper horretako Iruñeko ordezkaritzako burua baitzen, duela hamar urte itxi zutelarik. Kazetaren itxiera eta atxilotuek jasan zituzten torturak oso roitzapen latzak dira berarentzat, baina eraso horiei eman zitzaien erantzunak ere arrasto handia utzi zuen berarengan: “Donostiako manifestazio hartan oso argi ikusi nuen zer den Euskal Herria niretzako”. Elkarrizketa osoa entzuteko, sakatu hor azpian.

Argazkia: Argia