web analytics

Tutulia: Nicola Madzirov

Nikola Madzirov poeta mazedoniarra izan da gaurko Tutuliako protagonista. 1973an jaio zen Strumican (Mazedonia), Balkanetako gerratik ihesean, bere familia hara erbesteratu ondoren. Poesia, saiakera eta itzulpen lanetan aritzen da eta bere poemak 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte.
1999an kaleratu zuen bere lehenengo poesia liburua “Zaklu?eni vo gradot/Locked in the city/hirian harrapatua” eta horrekin idazle sortu berriei ematen zaien saria irabazi zuen.
Harkaitz Canok Munichen egin zuen egonaldi artistiko batean ezagutu zuen Nikola Madzirov. Berak idatzitako zenbait poema euskaratu ditu, eta horietako batzuk irakurri dizkigu gaur Josetxo Azkonak Euskalerria Irratian.

Tutulia: Rikardo Arregi Diaz de Heredia

Rikardo Arregi Diaz de Heredia idazle gasteiztarra izan da gaur protagonista Tutulia saioan. Euskal poeta hau “Volgako Batelariak” izeneko literatur-taldearen sortzaileetako da.
Gaur Josetxo Azkonak ekarri dizkigun olerkiak “Bitan irakurri beharra” iaz argitaratutako liburuarenak dira. Hor bizitzaz, gorputzaz eta heriotzaz mintzo da poeta. Sentiberatasuna, sentsazioak, bere bizitzaren pasadizoak, homosexualitatea…Hamaika gai jorratzen ditu poeta kulto eta jantzi honek.

 

Labritour

Turismo bisita gidatu arruntetan ez dute esaten entzierroaren benetako jatorria ganberrokeria bat izan zela, edo zergatik hil zuten txupinazoaren asmatzailea, edo zertarako eraiki zuten ziudadela eta gero frantsesek nola hartu zuten gotorleku hura elur pella batzuk erabilita, edo nor izan ziren eta non bizi izan ziren Arturo Campión, Alexandre Tapia Perurena edo Joxe Agerre idazleak, edo…baina Labrit Toursen bisitetan bai. Hori dena eta gehiago azaldu nahi diete bertako zein kanpokoei hemendik aurrera. Aste honetan izan da ekimen honen aurkezpena eta bertara joan ginen Enrike Diez de Ulzurrun eta Gaizka Arangurenen azlapenak entzutera.
Gehiago jakin nahi bazuzue turismo irizpidedunaren inguruan: www.labitours.com

http://www.labritours.com/?page_id=58

 

Jokoa ez da errenta

- Matematika lezioa izan dugu Arratsalde.on saioan, hilabeteoro bezala. Oraingo honetan Arkaitz Galbete eta Asier Estevan NUPeko matematika irakasleak, eta gure maisu partikularrak, irratian izan ditugu kasinoetako jokoez solasean. Trileroen jokoetan irabazteko (edo behintzat gehiegitan ez galtzeko) edota zergatik kasinoak horren negozio onak diren azaldu digute, besteak beste. Eta gauza bat argi esan digute: jokoa ez dela errenta.
A, eta gure entzule azkarrentzako ariketatxo bat utzi egin digute. Asmakizun moduko bat. Grabazioaren bukaeran entzun ahal izanen duzu galdera eta erantzuna, aldiz, atxikitutako dokumento honetan. On egin!

Tutulia: Charles Bukowski

Charles Bukowski poeta “zikinaren” olerki gordinak irakurri dizkigu gaur, ahots lakartua, Josetxo Azkonak Tutulia, hitz poetikoaren espazioan.
Alemanian 1920an sortua, bizi ia osoa Los Angeles eman zuen. Haurtzaro gogorra izan zuen. Aita edanzaleak bera eta bere ama maiz jotzen zituen. Larru azaleko gaixotasun batek jota zegoen eta hori dela eta, txikitatik beste haurren irainak eta mespretxuak jaso behar izan zituen. Helduaroan bera era edanera emana eta gizarteak baztertutakoen artean bizi izan zen. 50 liburutik goiti idatzi zituen. Poemak ere ugari. Zaplastekoak bezalako olerki zuzen eta biluziak. Sexua, droga, alkohola…Batzuentzako zakarra besteentzako maisua, inor ez du epel uzten Bukowskik.

 

Larunbatean II udaberriko lore eta landareen azoka Esan

Arangoiti -Esam Kultur Elkarteak antolaturik eginen da azoka berezi hau Esa herrian.
Salmenta postuak (landareak, loreak, tresnak, produktu ekologikoak, konpostagea egiteko gaiak, apaingarriak…) eta honetaz gain erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta 3.5 kilometroko ibilalditxo bat, erronkariarren altxunbidetik, sendabelarrak biltzeko, Javier Leoz mendizainak eta Laura Gurbindo sendabelarretako adituak gidatua.
Arratsaldean formazio saioak eginen dira Noain-Elortzibarko Udaleko Agenda21 arduraduna den Mikel Baztan, Arabako Foru Aldundiko teknikaria den Roberto Ruiz de Arkaute eta Jakoba Rekondo paisajistarekin.
Fernando Trebol, Arangoiti-Esam elkarteko kidearekin aritu gara honetaz hizketan.

‘Bilgua’, Aiko taldearen azken lana

Aiko taldearen zortzigarren lana plazara atera berria da: Bilgua (Pirinioetako magaletan dantzan). Musikariz eta dantza maisuz osaturiko taldeak musika garaikideko 20 konposizio berri bildu ditu, dantza estilo tradizionalerako, eta gainera, ttunttunaren talde instrumental klasikoa gaurkotzeko erronka berriarekin dator, ttunttuna (esku bateko txirula eta ttunttuna), biolin eta danborrarekin.
   Bilgua izenburuak, artzainen bilerak ekartzen ditu gogora, “sarritan emakumezkoak, suaren inguruan eta eguneko lanak amaituta, mendian elkartzen zirenekoak, eguneko gorabeherak, kantak eta ipuinak trukatzen zituztenekoak”. Bestalde Voltairek euskaldunez esan zuen aipu klasikoa berreskuratu nahi izan du Aiko taldeak ‘Pirinioen magalean dantzan egiten duen herria’. Musika eta dantza irakasleek osatzen dute Aiko. Haien artean Patxi Laborda iruindarra dago.

Hutsun Txalaparta

Uharteko Hutsun txalaparta taldeak Atarrabia, Uharte eta Burlatako udalek antolatutako musika lehiaketa irabazi berri du. Gurean izan dira taldiko hiru kideak: Simon, Mikel eta Anai, txalapartari jantzi eta berritzaileak. Asko dakite txalapartaren historiaz eta oso ongi azaltzen dute jada hamaika tokitan eskaini izan duten emanaldi pedagogikoan. Eta berritzaileak dira. Material desberdinak, estilo eta erritmo berriak probatzea gustuko dute, haien kaleko ikuskizunean ikus eta entzun daitekeen bezala.

http://hutsuntxalaparta-eu.blogspot.com.es/

Lizoain Arriasgoitin barna

Lizoain-Arriasgoitin barna egin dugu ibilaldia bertako alkateak lagunduta. Behortegiko Amaia Ekisoain gaztea da bertako alkatea duela 10 urtetik .
320 biztanle Iruñetik Agoitz aldera 19 kilometrora dagoen bailara honetan.
Hainbat egitasmo interesgarri dituzte eskuartean: ur hornidura da horietako bat eta beste bat orain berriki egin duten parke keltiarra. Eliza zahar bat auzolanean berritu dutre kultur gune bihurtzeko eta  inguruan zuhaitzez beteriko aisialdirako eremu berezi bat sortzeari ekin diote.
Horretaz, besteak beste, aritu gara alkate anderearekin gustura.

Tutulia: Fernando Pessoa ll

Fernando Pessoa poeta lisboarrari eskainitako bigarren Tutulia saioa egin dugu Euskalerria Irratian. Josetxo Azkonak Pessoaren beste bi heteronimo naguien berri eta lanakekarri dizkigu: Alvaro de Campos eta Ricardo Reis, alegia.
Eta bidenabar liburu bat gomendatu digu: ”Poemak pluralean” Denonartean argitaletxeak iaz plazaratu zuen Pessoaren lanen bilduma  Iñigo Roque Eguzkitzak itzulirik.
Fernando Pessoa (Lisboa 1888-1935) literatura unibertsaleko poeta handienetarikoa da, zalantzarik gabe. Bere poema “Tabako denda” olerkigintzaren historian garrantzitsuenetakotzat jotzen dute aditu askok.