web analytics

Iruñerrian Gaur 2013-06-19

Murrizketen ondorioak albiste nagusi, Iruñerrian Gaur: Nafarroako Gobernuak ez ditu bete mendekotasunen bat duten herritarrei laguntzak aitortzeko epeak, Kontuen Ganberak salatu duenez. Justiziaren jardueran ere eragin zuzena du krisiak, Juan Manuel Fernandez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen arabera: besteak beste, %26 igo dira hartzekodunen lehiaketan sartu diren enpresen kopurua urtea hasi zenetik. Foru erregimenaren inguruko polemikan, Gobernuak esan du Nafarroak legokiokeena baino gehiago ordaintzen diola Estatuari. Murrizketen kontrako protestak: administrazio publikoko sindikatuek txistor jatea Nafarroako Jauregiaren parean, pentsio publikoen aldeko manifestazioa adinduek, LAB sindikatuak agerraldia Enpleguaren Mahaia ezerezean geldituko dela salatzeko. Gakoa, gaur: Mika Etchebeherek.

Metropoli Forala 2013-06-19

Solasaldi politikoaren tartean, Bilduko Bakartxo Ruiz, Nabai-Aralarko Xabi Lasa eta EAJ-Geroa Baiko Manu Aierdi izan ditugu. Karrisolasaren azken saioaren berri eman digu Karrikiriko kide Aitor Etxartek. Puntueus ekimenaren berri eman digu Iratxe Esnaolak

Arratsalde.On 2013-06-18

Gaurko aldizkaritegian Argia astekariaz mintzatu gara bertako erredaktore den Mikel Asurmendirekin. Jarraian Atarrabiako Udalaren Euskeraren Plan Estrategikoaz aritu gara Mikel Oteiza zinegotziarekin. Angel Erro poeta burlatarrak “Happy birthday” kantuaz hitz egin digu eta Xabi Mendibilek azaldu digu giza diseinuaren arabera zehazten diren 9 guneen artean zein eta nolakoa den “sustraia” deitzen dena.

Bukatzeko, irratialdi honetan azken aldiz murgildu gara Kultur Arloan. Gaur Mikel Bujandak Patxi Zabaletaren hitzak ekarri dizkigu bere liburu berriaren inguruan: “Absurdoko kontuak edo zoroen kerriko kronikak”.

Fermin Erbiti: Ikasturte amaierako desioak

Udaberririk gabeko ikasturtea amaitzear dago. Sermolari honentzat, behintzat, gaurkoa azken predikua da.

Krisia aitzakiatzat harturik galtzen ari garen eskubideez hitz egin nezake, Nafarroako Gobernuaren egoeraz edo sozialisten lidergo faltaz. Hastear dagoen uda gogoan, ordea, hori dena alde batera utzita, bestelako kontuak aipa ditzagun, aro berriak ekar litzakeen kontu positiboez, esaterako:

Gogor ditzagun garai bateko udak: 15 urte, kurtsoa amaitu berria eta aurrean uda luze-luzea, misterioz beterik: festak, piszinako arratsaldeak, lehen muxuak, adiskidantza, ilusioa, pausoak zenbatu gabe munduan barna ibiltzeko gogoa…

Atzera egin dezagun denboran mundua, edo gure mundutxoa, aldatzea posible dela sinisteko. San Joanetako sutara bota dezagun azken hilabeteotan bilduriko zabor guztia, batez ere barnekoa, eta goza dezagun, saltoka, kantuz, urteko gau luzeenek horretarako aukera paregabea ematen digutelako.

Izan ere, udaberririk gabeko kurtso honetan, inoiz baino gehiago behar dugu uda argitsu eta alaia. Horrelakoa izanen ahal da datorrena!

 

Ander Perez: Demokraziaren aitzakia

Jendarte modernoetako zutabe nagusia omen da demokrazia. Baina kontzeptuak berak baino, haren ulerkera ezberdinek baldintzatzen dute jendarte baten norabidea, alde batera edo bestera. Gure agintari gehienentzat, demokrazia lau urtean behineko hori da, hautesontzi baten bueltan egiten dena, sondeo, estadistika eta zuzeneko emankizunen inguruan, flash ta guzti, ematen den ikuskizuna. Hortik aurrera, demokrazia aitzakia da, edo bermea, sudur puntan jartzen zaiena egiteko. Txikizio oro zilegi zaie, auskalo noizko hauteskundeen aitzakipean.

Benetako demokrazia, ordea, egunez egun eraikitzen dena da, jendarteari parte hartzerako bideak eskaintzen dizkiona, iritzia emateko kanalak, erabakitzeko aukerak. Igandean, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko 39 herrietako biztanleek ezezko borobila eman zioten autopista elektrikoaren proiektuari. Bozka ematera deitutako herritarren %63k parte hartu zuen, eta horietatik %99k baino gehiagok bozkatu zuen egitasmoaren kontra. Ariketa demokratikoa izan daiteke hori, baina benetako demokrazia erabaki hori gauzatu eta errespetatzea litzake. Eta hori, oraindik, ikusteke dago. Atzo, Euskadi Irratiko Faktoriako esatariak autopista elektrikoaren aurkako plataformako kide bat elkarrizketatu zuen. Emaitzak eskutan, proiektua bertan behera geratuko denaren itxaropena agertu zuen honek. Esatariak hala erantzun zion: “bai, hori zuen nahia da, baina benetan uste duzue geldituko dutela?”. Horraino iritsi da gure agintariekiko konfiantza. Eta ez da harritzekoa. Finean, laister hasiko gara azen eta kandelen argudio arzallustarrak entzuten. Edo, are okerrago, laister hasiko dira 50 metrotik gorako dorre elektrikoak eraikitzen, ez dakit noizko hauteskundei begira, ez dakit nongo emaitzei begira, ez dakit noren nahiari erantzunez, eta benetako demokraziari aurpegira txistua botaz.

Metropoli Forala 2013-06-18

Solasaldi politikoaren tartean Nafarroako Ezker Batuko kide Pablo Archel elkarrizketatu dugu. Izan ere, koalizio horrek Asanblada Orokorra ospatu zuen pasa den larunbatean eta hirugarrenez Jose Miguel Nuin hautatu dute Foru Komunitateko koordinatzaile. Elkarrizketa pertsonalaren tartean, Asier Azparren bibolin-jotzailea, Bizardunak taldeko musikaria eta billabesa gidaria izan dugu gure artean. Zientziaren atalean, solstizioaz eta ekinozioaz mintzatu zaigu Oier Lakuntza kimikaria.

Iruñerrian Gaur 2013-06-18

Sanferminetako egitarau ofiziala aurkeztu du Udalak: 2,1 milioi euroko aurrekontua, iaz baino %14 gutxiago. Berrikuntza gutxi: bat, Erraldoiak Ezpeleta jauregitik aterako direla lau egunez. Cementos Portlandek beste erregulazio espediente bat aurkeztu du 318 langile kaleratzeko “errantagarriak ez diren” enpresetan. Parlamentuan, beste aste bat hartu dute taldeek Enpleguaren Mahaian neurriak adosteko. Nafarroako Gobernuak apirilerako onartu nahi du Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Lege berria. Patxi Zabaletak “Absurdoko kontua edo zoroen herriko kronikak” liburua aurkeztu du.

 

Arratsalde.on 2013-06-17

TTIPI- TTAPA aldizkariaren azken alearen berri eman digu Aitor Arozenak. Burutazioaren tartean Anuskaren txanda izan da. Martin Juanena kirol zaleak, asteburuak eman dituen emaitzak bildu ditu. “Txanpon baten truke” ikuskizun musikalaz aritu gara.

Alberto Barandiaran: 2013-06-17

Iruñerrian Gaur 2013-06-17

Goi tentsioko linearen aurka agertu dira herri galdeketan botoa eman duten herritarren %99. AHTren aurkako protesta sinbolikoa egin du Mugituk San Nicolas plazan. Esako urtegia handitzearen aurka jendetza, herenegun, Zangozan; Ebroko Ur Konfederazioko presidete Xavier de Pedrok ez du Parlamentura azalpenak ematera joan nahi. Zangozako Merinaldeko udalek Udal Ekimen Legegilea bultzatuko dute mendialdean gutxieneko osasun zerbitzuak ziurtatzeko. Parlamentua Nafarroaren autogobernuaren alde, foraltasuna zalantzan jartzen dutenen aurrean. Gakoa, gaur: Alberto Barandiaranek.