Skip to content

Iritzia: Ohea neke-sendalaria eta buru-argitzallea…Lizardiren hitzetan

Martxoa 18, 2010
by euskalerriairratia

Izaro Arroita

Gauak esna eta egunak lo pasatzen dituen gautxori edo saguzarra ohituta dago bakarrik edo, alderantziz ibiltzera. Ilundu ostean, lanera joateko jaikitzean, lo goxoan murgilduta egoten dira etxeko gainerakoak, eta isil-isilik ibili behar izaten du inor ez esnatzeko: dutxatu, jantzi, mokadutxoa jan…

Noizbehinka baina, garaiz baldin badabil, lo utzi behar duenari begira esertzen da ohe ertzean, erdi lo bera ere. Maindire leunaren gainean jartzen du eskua, eta gora eta behera mugitzen da, lo dagoenaren arnas epelarekin batera. Ze gustura sartuko litzatekeen bere ondoan, goxo-goxo! Aho-zabalka, Lizardik oheari idatzitako olerkia etorri zaio gogora:

“Neke-sendalaria,

buru-argitzallea…

lanaren saria…

Amestegi guria,

naigabeen azkaia,

nagien nausia.”

Amestegi guria… Zerekin ari ote da lotia ametsetan? Bere aurpegiak ez du pista handirik ematen, baina ez dirudi behintzat amesgaiztorik duenik, erdi-ilunpean, bare-bare antzematen delako bere begitartea. Zerekin ari ote da ametsetan? Lizardi entzun du berriz gautxoriak:

“…Amets dagit, basoan

il nauela, parreaz,

maitagarri batek,

ta, gozorik, illeta

abesten didatela

berreun milla lorek…

…Amets dagit nautela

tximirritek eortzi

abaraska baten,

ta illobia, lasaki

ta ixilka, ari naizela

parra-parra yaten…”

Edo ez, pentsatzen du gautxoriak logurari ezin eutsi; behar bada lotia gautxoriarekin berarekin ari da ametsetan; bere ondoan dagoela, berari begira. Eta hala balitz, gautxoria ametsa balitz… eta lotiak amets egiteari utziko balio?  Esnatuko balitz, kandela bat bezala itzaliko litzateke gautxoria, nonbait irakurri zuenez…

Berdin dio. Bien arnasa bat da orain. Gautxoriak ezin dio buruaren eta betazalen pisuari eutsi, eta lotiaren ondoan etzan nahi lukeela pentsatzen du erdi ametsetan… (edo etzan egin da?). Azken segundoan ordea, berandutzen ari ziola eta alde egin behar duela gogorarazi dio Lizardik:

“Ai, nolako zoroak

gauez kalerik kale

ibil oi diranak!

Arkiko al dituzte

asun miñez beterik

iñoiz beren oiak!…“

Jaiki, eta etxetik atera da gautxoria, zapatak asunez beteta.

Deskargatu

No comments yet

Leave a Reply

Note: You can use basic XHTML in your comments.

Subscribe to this comment feed via RSS