Skip to content

Joxemiel Bidador joan zaigu, gure arteko bat

Martxoa 2, 2010
by euskalerriairratia

Gaur eguerdian eman du azken hatsa Joxemiel Bidador Altonaga euskal idazle eta ikertzaileak. Iragan ostiralean burmuin isuria pairatu zuen. Sendagileek ezin izan dute berpiztu.

Iruñeko Mañueta kaleko euskalduna. Ollo ibarretik etorri ziren hiriburura haren aurrekoak. 1970an jaioa,  intentsitatez beteriko 39 urte eman ditu munduan.

Euskalerria Irratia Elkarteak banatzen duen Larreko Saria ere jaso zuen 2007an, haren ikerlari lanaren aitortza eta aldarrikapen moduan. Orduan harturikoa da alboko argazkia. Hainbat urtez, Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izan zen, hasiera batean Tuterako berriemaile moduan, gero Nafarroako euskal idazleen inguruan mintzatuz.

Euskal filologian lizentziatua, egun euskara eta literatura irakasle lanetan ziharduen Bidadorrek, bigarren hezkuntzan. Ordu asko eman zituen artxiboetan, paper artean, Nafarroako idazle euskaldunen inguruko datuak eta idazlanak biltzen, baita zabaltzen ere. Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian argitaratu zituen lan eskerga horren lehen fruituak, Klasiko bitxiak, arront klasiko atal gogoangarrian.

Iruñeko Udalarekin argitaratu zituen liburuak: Alexander Tapia Perurena, olerki-lanak; Jose Agerre Santesteban, gerra ondoko olerki-lanak eta Euskara Iruñeko kazetaritzan (1930-1936). Testu antologia.

Gazteleraz argitaratu zuen liburu bakarra, Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (Pamiela). Horren harira, Nafarroako idazle euskaldunek manifestua sortu zuten: Baziren, bagara.

Dantzaria ere izan zen Bidador. Hainbat urtez izan zen Duguna dantza taldeko kidea. Eta dantzaren inguruko hainbat ikerketa ere egin zituen. Alor horretako haren lanik garrantzitsuena, Dantzaren erreforma Euskal Herrian.

Aipatu ditugun horiez guztiez gain, Paternaingo alkatea ere bazen.

Lerrootatik besarkadarik beroena haren senide eta lagunei.

5 Iruzkin leave one →
  1. Mikel Belasko permalink
    Martxoa 2, 2010 3:11 pm

    Irrati bidez jakin dut honen berri, eta nik ere minean min hartu dut.

  2. Juan Vélez permalink
    Martxoa 2, 2010 4:25 pm

    Gutxi ezagutu arren, pena eta min handia hartu dut nik ere. Ez dut hitzik sentitzen dudana adierazteko.

  3. Iban Amotxategi permalink
    Martxoa 3, 2010 10:25 am

    Eskerrikasko Joxemiel. Zuri esker Tutelak beste kolore bat dauka. Xarmaz gogoratuko ditut, Iruinarako bidean gindoazenean, Nafarroari buruzko gora beherak eta lanean jasotako laguntzak. Mila esker, zure laguna eta lankidea.

  4. Juan permalink
    Martxoa 3, 2010 2:49 pm

    Orain hiru urte hasi nintzen hezkuntzan, Biurdana institutuan. Bidador jauna Euskarako departamentuburua zen. Gogoan dut aholkulari eta adiskide ona izan zela. Atsegin handia zen ikastetxe batek bizi duen eguneroko ‘bortizkerian’, bizitzari aurre egiteko ezinbestekoak diren iruzkin ironikoak trukatzen genituenean. Gizon handia zen; jantzia eta eskuzabala. Arima handikoa ezbairik gabe!
    goian bego
    Juan.

Trackbacks

  1. Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazlea hil da | Pamiela

Leave a Reply

Note: You can use basic XHTML in your comments.

Subscribe to this comment feed via RSS